“DOG VIVANT ZIURTAGIRIA” LORTZEKO ETA “DOG VIVANT PLATAFORMA” ERABILTZEKO ZEHAZTAPENAK ETA BALDINTZAK

- DOG VIVANT ZIURTAGIRIA DUTEN ANFITRIOIAK –

I.- XEDEA:

Zehaztapen eta Baldintza hauek Dog Vivant ziurtagiridun anfitrioi (“Anfitrioia”) izateko Dog Vivant ziurtagiria (“DV ziurtagiria”) eskatzen duten establezimenduek webgunean izena eman ondoren bete beharreko baldintzak arautzen dituzte. Gainera, plataforma (“Plataforma”) eta Dog Vivantek haren bidez establezimenduen eskura jartzen dituen zerbitzu eta funtzionaltasun espezifikoak erabiltzeko baldintzak ere ezartzen dituzte.

Plataformaren bidez, Dog Vivantek bitartekaritza-lanak baino ez ditu egiten. Dog Vivant ziurtagiria duten establezimenduei beren produktu eta zerbitzuak zabaltzeko tresna bat ematen die, Dog Vivant komunitatea osatzen duten txakurzaleek haien berri jakin dezaten. Beraz, Dog Vivantek ez du establezimenduek webgunearen bidez egiten dituzten eskaintza eta promozioekiko erantzukizunik hartzen, eta ez du bermatzen produktu eta zerbitzu horiei edo establezimenduaren ezaugarriei buruz emandako informazioa egiazkoa eta zehatza denik.

DOG VIVANT PIC SL enpresa Espainiako sozietatea da, eta Bizkaiko Merkataritza Erregistroan erregistratuta dago, 5587. liburukian, 109. folioan, BI-67332 orrian, 1. inskripzioan. Sozietatearen helbidea hau da: Calle Ogoño 1, Planta 3 Módulo 8, 48930 Las Arenas, Getxo, Bizkaia. IFK B95827135 da (“Dog Vivant”). Dog Vivantekin harremanetan jartzeko, lehen emandako posta-helbidea, 946422020 telefono-zenbakia edo info@dogvivant.com helbide elektronikoa erabil ditzakezu.

Zehaztapen eta Baldintza hauek Anfitrioiaren eta Dog Vivanten arteko akordio lotesle bat osatzen dute (“Akordioa”). Mesedez, irakurri arretaz akordio hau. Anfitrioi gisa erregistratzeko, Akordioaren aurreikuspen guztiak onartu behar dituzu, baita (i) Erabilera Baldintzak, (ii) Pribatutasun eta Cookie Politika, eta (iii) webgune honetako gainerako baldintza partikularrak ere. Baldintza partikular horiek Akordio honetan beren-beregi aurreikusten ez den orotan aplikagarriak izango dira.

II.- DV ZIURTAGIRIA LORTZEKO ETA MANTENTZEKO BALDINTZAK:

1.- Erregistroa.

DV Ziurtagiria eskatzen duten establezimenduek dog friendly politikak sustatzen dituzten hotel- eta ostalaritza-establezimenduak edo saltokiak izan behar dute. Dog Vivant komunitatean sartu nahi duten establezimenduek beren produktu eta zerbitzuen berri eman ahal izango dute Plataformako erabiltzaileen artean, bezero potentzialen artean, alegia.

DV Ziurtagiria lortzeko eta Anfitrioiei dagozkien abantailez baliatzeko, Plataforman izena eman eta profil bat sortu behar duzu, eta zure negozioari eta txakurrak onartzeko duzun politikari buruzko zenbait datu eman. Izena emateko prozesuari eta Anfitrioia izatearen alde onei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu “Ziurtagiridun establezimendua izan nahi duzu?” atala. Webgune honetan aurkituko duzu. Akordio hau offline sinatzen baduzu, irakurri arretaz Dog Vivantek Akordio honekin batera eman dizun informazio-dokumentua.

Plataforman elkarte edo pertsona juridiko baten izena emanez gero, erregistroa egiten duen eta Akordio honetan ezarritako baldintzak onartzen dituen pertsonak berariaz adierazten du ordezkaritza-ahalmenak dituela, elkarte edo pertsona juridiko horren izenean kontratatzeko eta hark aipatutako baldintzekiko konpromisoa har dezan. Anfitrioiaren ordezkariak emandako datuak edo egindako adierazpenak faltsuak edo okerrak badira, Dog Vivantek ez du inolako erantzukizunik onartuko.

2.- Baldintza ekonomikoak.

DV Ziurtagiria lortzeko eta mantentzeko, Anfitrioiak erregistro-prozesua osatu behar du, eta webgunean establezimenduen modalitate/kategoria bakoitzerako erregistroaren unean zehaztutako urteko tarifak ordaindu. Horretarako, zenbait ordainketa-modu adierazten dira erregistro-prozesuan (kreditu-txartela, banku-helbideratzea, PayPal).

[Ordaintzeko banku-helbideratzea aukeratzen baduzu, Akordio hau berariaz onartuz eta ordainketa egiteko beharrezkoak diren banku-datuak emanez, beren-beregiko baimena ematen diozu Dog Vivanti kobrantza guztiak banku-ordainagiri bidez egiteko erregistro-prozesuan zehaztutako banku-kontura. Kobrantza horrek iraupen mugagabea izango du, Akordio honen ondoriozko merkataritza-harremanak indarrean dauden bitartean. Akordioa urtero automatikoki berrituko da, ez berritzeko asmoa jakinarazten ez diguzun bitartean. Ez baduzu berritu nahi, aurrerantzean zehaztutako baldintzak eta aurrerapena hartu beharko dituzu kontuan].

Orain indarrean dauden tarifak eta DV Ziurtagiriaren modalitate/kategoria bakoitzaren zerbitzuak/abantailak kontsultatu nahi badituzu, egin klik hemen. [Akordio hau offline sinatzen baduzu, eskatu Dog Vivanti indarrean dauden tarifen zerrenda]

Establezimendu bat baino gehiago badituzu eta denak Anfitrioi izatea nahi baduzu, idatzi anfitriones@dogvivant.com helbidera, eta proposamen pertsonalizatu bat helaraziko dizugu.

Behin erregistro-prozesua bukatutakoan eta dagokizun kategoriaren tarifa ordaindu ondoren, 15 laneguneko gehienezko epean, urtebeteko iraupeneko/indarraldiko DV Ziurtagiria jasoko duzu, eta zure Anfitrioi kategoriari/modalitateari dagokion Ongietorri Packa ere bai. DV Ziurtagiria indarrean dagoen bitartean, Plataformaren zerbitzuez eta funtzionaltasunez gozatu ahal izango duzu.

3.- Berritzea.

DV Ziurtagiriak eta Anfitrioi izaerari lotutako zerbitzuek urtebeteko (1) iraupena dute. Edonola ere, hasierako iraupena amaitzen denean, Akordioa automatikoki berrituko da, Anfitrioiak berritzeari uko egiten ez dion bitartean. Horretarako, bi aukera ditu: berritze-data baino hogeita hamar (30) egun lehenago jakinaraz dezake ez duela Akordioa berritu nahi; eta Plataforman Anfitrioi gisa duen eremu pribatuan “Nire datuak” ataleko “Ez berritu” aukera aktiba dezake, hogeita hamar (30) eguneko aurrerapenarekin.

Akordioa berritzen ez duenak (edo, berritzea automatikoki gertatuz gero, urteko berritzeari dagokion tarifa ordaintzen ez duenak) ezingo ditu DV Ziurtagiria eta Plataformako zerbitzuak erabili.

DV Ziurtagiriaren indarraldia amaitutakoan, Dog Vivantek mezu elektroniko bat bidaliko dizu, horren berri jakin dezazun. Une horretatik aurrera, Anfitrioiaren profil publikoa ez da Plataformako erabiltzaileen eskura egongo. Hala ere, aldi baterako, Anfitrioiak bere profileko eremu pribatuan sartzen jarraitu ahal izango du, eta nahi izanez gero, DV Ziurtagiria berriro eskatu ahal izango du, eta Plataformako funtzionaltasun guztiak berraktibatu, bere establezimenduari dagokion tarifa ordainduta. Aukera hori urtebeteko (1) epean izango du, baina, epe hori igarotakoan, Anfitrioiaren profilari behin betiko baja emango zaio.

4.- Baja.

DV Ziurtagiria indarrean dagoen bitartean, edozein unetan utzi ahal zaio anfitrioi izateari. Horretarako, Anfitrioi profileko eremu pribatuko “Nire datuak” ataleko “Baja eskatu” aukeratu beharko duzu. Baja eraginkorra denean, egiaztatzeko mezu elektroniko bat jasoko duzu. DV Ziurtagiriaren iraupenari dagokion urtea igaro aurretik baja eskatuz gero, Anfitrioiak ezin izango du DV Ziurtagiriaren gozatu gabeko aldiaren zenbateko proportzionala eskatu.

Dog Vivantek egiaztatzeko mezu elektroniko bidaltzen duen unetik aurrera, Anfitrioiaren profil publikoa ez da Plataformako erabiltzaileen eskura egongo. Hala ere, aldi baterako, Anfitrioiak bere profileko eremu pribatuan sartzen jarraitu ahal izango du, eta nahi izanez gero, DV Ziurtagiria berriro eskatu ahal izango du, eta Plataformako funtzionaltasun guztiak berraktibatu, bere establezimenduari dagokion tarifa ordainduta. Aukera hori urtebeteko (1) epean izango du, baina, epe hori igarotakoan, Anfitrioiaren profilari behin betiko baja emango zaio.

Edonola ere, baja egiaztatzeko mezu elektronikoa jasotzen duenean, Anfitrioiak bere fitxako datu guztiak behin betiko ezabatu ahal izango ditu, nahi badu. Horretarako, “Nire datuak” atalean sartu beharko du, eta “Nire fitxa eta nire datu guztiak behin betiko eta atzeraezintasunez ezabatu” aukeratu. Ekintza hori egiaztatuz gero, ezin da desegin.

5.- DV Ziurtagiria mantentzeko beste baldintza batzuk.

DV Ziurtagiria indarrean mantentzeko eta hari lotutako zerbitzuak erabiltzeko, urteko tarifa ordaintzeaz gain, Anfitrioiak hau egin beharko du::

  1. Zure Anfitrioi-fitxan txakurrak onartzeko politikari buruz eman dituzun adierazpenak bete, eta
  2. DV Ziurtagiriaren bereizgarria establezimenduaren sarreran jarri, ondo ikusteko leku batean.

Anfitrioiak hitzemandako prestazioen kalitatea egiaztatzeko eta bere fitxan zehaztutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko, Dog Vivantek ikuskapenak egin ahal izango ditu. Anfitrioiak baldintza horiek bete ezean, Dog Vivantek DV Ziurtagiria kenduko dio.

Bestalde, erabiltzaileek iruzkinen edo zuzeneko kexen bidez jakinarazten badute Anfitrioi bat txakurrak onartzeko aplikatzen ari den politika ez dela bere fitxan argitaratutakoa, edo inolako justifikaziorik gabe ez dituela txakurrak onartzen, Dog Vivantek beretzat gordetzen du DV Ziurtagiria kentzeko eskubidea, Anfitrioiari entzun eta kasua zentzuz aztertu ondoren.

Horrelako arrazoiren batengatik Anfitrioi bati DV Ziurtagiria kenduz gero, Anfitrioi horrek ez du ordaindutako urteko zenbatekoa jasotzeko eskubiderik izango.

Edozein kasutan, Dog Vivanten helburua negozioek dog friendly politikak sustatzeko joera bultzatzea da. Baina ez da, inondik inora, Anfitrioiak beren establezimenduetan txakurrak onartzera behartzea, arrazoitutako eta zentzuzko kausak badaude (oinarrizko elkarbizitza-arauak, sen ona, etab.), eta kausa horiek direla eta, negozioko bezero edo langileentzat eragozpenak edota arriskuak sortzen badira. Kasu horretan, noizbehinka ohiko onarpen-politiketan salbuespenak egitea gomendatzen da. Hori dela eta, Dog Vivantek Elkarbizitzarako Dekalogo bat prestatu du, erabiltzaileek jakin dezaten oinarrizko zer arau bete behar dituzten beren txakurrak Anfitrioi diren establezimenduen kategoria bakoitzeko instalazioetan sartzeko eta haiek erabiltzeko.

6.- DV Ziurtagiriaren izaera.

Anfitrioiak adierazten du badakiela DV Ziurtagiria ez dela lizentzia, administrazio-baimen edo legezko habilitazio bat, eta ez dituela dokumentu horiek ez ordezkatzen ez osatzen, eta beraz, aplikagarria den araudiaren arabera, ezin zaiola eskatu bere establezimenduan txakurrak sartzeko eta egoteko.

Hori dela eta, eta kontuan hartuta zenbait hiritan jendearentzat irekitako merkataritza-establezimenduek animaliak sartzea onartzeko duten ahalmena murrizten edo mugatzen duten arauak egon daitezkeela, Dog Vivantek iradokitzen du udal-agintariekin kontsultatzea; izan ere, Dog Vivantek ez du horrek izan ditzakeen ondorioen erantzukizunik hartzen.

III.- PLATAFORMA ERABILTZEKO BALDINTZAK:

1.- Sarrera.

DV Ziurtagiria lortzen duen Anfitrioia Plataformako zenbait funtzionaltasun eta zerbitzu (“Zerbitzuak”) erabiltze has daiteke. Zerbitzu horiek “Ziurtagiridun establezimendua izan nahi duzu?” atalean deskribatzen dira, webgunean.

Atal horrek beren-beregi arautzen ditu Plataforma eta Dog Vivantek haren bidez ematen dituen zerbitzuak erabiltzeko baldintzak. Behar-beharrezkoa da baldintza horiek betetzea, DV Ziurtagiria mantentzeko.

2.- Jabetza Intelektuala eta Industriala.

Dog Vivantek eta legezko lizentziadunek Plataformaren eta zerbitzuen edukiaren, diseinuaren eta iturburu-kodearen jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubide guztiak dituzte, bai eta, bereziki, adierazpen moduan baina mugatu gabe, webgunean erabiltzaileen eskura jartzen diren argazki, irudi, testu, logo, diseinu, marka, merkataritza-izen eta materialen (“Edukiak”) jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak ere. Guztiz debekatuta dago Plataforma, Zerbitzuak eta Edukiak kopiatzea, erreproduzitzea, egokitzea, aldatzea, eraldatzea, banatzea, saltzea, zabaltzea, inoren eskura jartzea, ateratzea, berrerabiltzea edo beste edozein ekintza egitea, baldin eta horrek jabetza intelektualaren edota industrialaren arloan Espainian zein nazioartean indarrean dauden araudiak hausten baditu edo erabilera-baldintza hauek urratzen baditu.

Dog Vivantek Anfitrioiari Plataforma erabiltzeko ematen dion lizentzia ez-esklusiboa, erreproduzituezina, aldi baterakoa eta ezeztagarria da, eta berak soilik erabil dezake, inori haren lagapena egin gabe. Lizentzia hori jasotzeko, Anfitrioiak bere establezimenduaren kategoriari dagokion DV Ziurtagiriaren tarifa ordaindu behar du, eta ezarritako helburuetarako baino ezin du lizentzia hori erabili.

Anfitrioiak edukiak eta materialak ostatatu, biltegiratu, hedatu, argitaratu, banatu, jendearen eskura jarri eta parteka ditzake Plataforman eta Zerbitzuak erabiliz, baina ezingo du egin, baldin eta: (i) ez badu eduki edo material horren inguruko eskubiderik edo baimenik, edo hura kopiatzeko, erreproduzitzeko, transmititzeko, hedatzeko, banatzeko, hirugarrenei erakusteko edota ustiatzeko legeztatuta ez badago; edo (ii) eduki edo material horrek hirugarrenen jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideak edo egile-eskubideak hausten edo urratzen baditu (honakoak barne hartuta, adierazpen modura eta sakondu gabe: egile-eskubideak, marka erregistratuak, patenteak, diseinu eta sekretu industrialak –edo edozein herrialdetako legediak onartutako jabetza intelektualeko edota industrialeko beste edozein eskubide–, eskubide moralak, eta ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideak). Anfitrioiak Dog Vivanti bermatzen dio Plataforman edo haren bidez ostatatzen, partekatzen, besteen eskura jartzen, transmititzen edo argitaratzen duen eduki guztiak aipatutako baldintzak betetzen dituela.

Anfitrioiak Plataforman edukiak, argazkiak, iruzkinak edo beste edozein material eta informazio (“Anfitrioiaren Edukiak”) argitaratzen dituenean, Dog Vivanti berariaz eta automatikoki ematen dio Anfitrioiaren Edukien jabetza intelektuala ustiatzeko lizentzia (ez-esklusiboa, doakoa, ez-ezeztagarria eta mundu-mailakoa, eta gainera, Dog Vivantek lizentzia horren azpilagapena egin dezake). Dog Vivantek lizentzia hori erabiliko du, Plataformaren eta Zerbitzuen testuinguruan eta helburuekin, eta Dog Vivant, Plataforma edota Zerbitzuak edozein kanaletatik sustatzeko. Horretarako, erabiltzaileen eta, oro har, publikoaren eskura jarriko ditu, batik bat sare sozialen bidez.

3.- Anfitrioiaren Edukiak, eta iritzi- eta iruzkin-politika.

Dog Vivantek uko egiten dio Anfitrioiaren Edukien gaineko erantzukizunari, aurresuposatzen baitu eduki horiek guztiek Akordio honetan ezarritako baldintzak zehatz-mehatz betetzen dituztela, batik bat jabetza intelektualari eta industrialari dagokienez (aurreko atalean adierazitakoaren arabera). Orobat, ez du erantzukizunik onartuko Plataforman edo haren bidez transmititu, hedatu, biltegiratu, besteen eskura jarri, lortu edo eskuratu diren Anfitrioiaren Edukiak –bereziki, Anfitrioiaren fitxako datuak– egiazkoak, zehatzak edo sakonak ez direlako edo eguneratuta ez daudelako sor daitezkeen kalte eta galera ororengatik.

Halaber, Dog Vivantek ez du inolako erantzukizunik izango, Anfitrioiak Plataforman edo hartan horretarako bereziko gaitutako funtzionaltasunen bidez egiten edo jasotzen dituen iruzkinei eta iritziei dagokienez. Iruzkin eta iritzi horiek ez dira Dog Vivantenak, eta ez dute Dog Vivanten iritzia adierazten, eta hortaz, Dog Vivantek ez du bere gain haiekin lotutako erantzukizunik hartuko. Erabiltzaileak eta Anfitrioiak dira beren erabiltzaile-izenarekin eta pasahitzarekin ematen diren iritzien erantzule bakarrak.

Hala ere, eta erabiltzaileen eta anfitrioien parte-hartzea Dog Vivant komunitatearen mamia izatea nahi denez gero, oinarrizko bizikidetza-arau hauek egin ditugu, Dog Vivanten Iruzkin eta Iritzi Politika arautzeko::

  1. Ez da iruzkinik onartuko, baldin iraingarritzat, laidogarritzat, umiliagarritzat, lizuntzat edo legearen, ordena publikoaren edo elkarbizitza- eta errespetu-araurik oinarrizkoenen kontrakotzat har badaiteke, edo haietan hizkuntza lotsagabea edo errespetugabea erabiltzen bada.
  2. Iruzkinek pertsonen duintasuna errespetatu behar dute, eta ezingo dute gorrotoa, etsaikeria, diskriminazioa edo indarkeria sustatzen edo eragiten duen hitzik edo adierazpenik izan, ideologiarekin, erlijioarekin edo sinesmenekin, egoera familiarrarekin, etnia, arraza edo nazioarekin, jatorriarekin, generoarekin, orientazio edo identitate sexualarekin, edo gaixotasun edo urritasunarekin loturik.
  3. Iruzkinetan ez da beste erabiltzaileen kontrako mehatxurik, laidorik edo eraso pertsonalik onartuko, ezta animalien kontrako krudelkeriaren apologia egiten duen iruzkinik ere.
  4. Ez da onartuko anfitrioien edota erabiltzaileen izen ona eta marka funtsik gabe iraintzen duen edo haiei kalte egiten dien iruzkinik.

Dog Vivantek beretzat gordetzen du Plataforman edo haren bidez egiten diren iruzkinen eta iritzien edukia haiek argitaratu aurretik kontrolatzeko eskubidea. Haren ustez Iruzkin eta Iritzi Politika honekin bat ez datozenak ezabatu egingo ditu.

4.- Debekuak.

Plataforman sartzeko eta hartan dauden Zerbitzuak eta edukiak Erabiltzeko, haren eskura eta horretarako bereziki jarritako baliabideak edo prozedurak soilik erabili ahal izango ditu Anfitrioiak, eta Eduki eta Zerbitzu horiek webgunean haren eskura jartzeko erabakitako helburuetarako soilik.

Adierazpen modura, eta mugatu gabe, Anfitrioiak ez du hau egingo::

  1. Dog Vivanten Plataforman edo informatika-sistemetan publikoa ez den edo anfitrioiak sartzekoa ez den edozein arlotan sartu, edo hura eragotzi, manipulatu edo erabili, eta Plataformaren baldintzak, mekanika, politikak eta espiritua urratzen, saihesten edo manipulatzen duen edozein ekintza egin;
  2. Erabiltzaile-profil faltsuak sortu, eztabaidetan parte hartzeko, beste pertsona batzuen iritziak simulatuz iruzkinak egiteko, edo Plataformako edo Dog Vivantek ematen duen zerbitzuko murrizketak eta zigor orokorrak saihesteko, eta anfitrioiek, anfitrioi jakin baten fitxa sustatzeko, beren edo beste edozeinen afiliazioa imitatu edo faltsifikatu, beste pertsona edota erakunde baten nortasuna erabiliz;
  3. Plataformaren edo harekin edo Zerbitzuekin lotutako edozein sistemaren edo sareren ahultasuna zundatzen, ikertzen, aztertzen, esploratzen edo probatzen saiatu, edo segurtasun- edo autentifikazio-hesiak edo -neurriak hautsi edo hausten saiatu, eta sistemari, beste erabiltzaile batzuei, hostari edo sareari kalte edo mehatxu egin;
  4. Produktuetan edo zerbitzuetan edo haien irudian erabiltzaileek eta haien itxaropenei kalte egin diezaieketen aldaketak eragin;
  5. Plataforma, Edukiak edota Zerbitzuak legearen, moralaren, ordena publikoaren eta baldintza hauen kontrako moduan eta kontrako helburuekin erabili, eta bereziki, ilegalak diren, hirugarrenen eskubideak urratzen dituzten, lizunak, arrazistak, sexistak, iraingarriak, pornografikoak, laidogarriak edo mingarriak diren, edo legez kontrako edo iruzurrezko jarrerak eragin edo bideratu ditzaketen informazioa, fitxategiak, grabazioak eta eduki ilegalak argitaratu, hedatu, ostatatu, bidali edota zabaldu;
  6. Plataformak ondo funtzionatzeko edo Zerbitzuak ondo emateko erabiltzen den software-ingeniaritza oro deszifratzen, desmuntatzen edo alderantzikatzen saiatu; eta
  7. Dog Vivanten edo hirugarrenen jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideak urratu, eta bereziki, Edukiak erreproduzitu, kopiatu, banatu edo jakinarazpen publikoko edozein modalitateren bidez jendearen eskura jarri, edo eduki horiek aldatu, eskubideen titularraren berariazko baimenik gabe.

5.- Bermeen bazterketa eta erantzukizunaren muga.

Dog Vivantek, bere ahalbideen eta teknologiaren egungo egoeraren arabera, arrazoiz eska dakizkiokeen neurri guztiak hartu ditu, Plataformak eta hartan dauden Zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten, eta ahultasunik eta osagai kaltegarririk egotea eta zabaltzea eragozteko. Hala ere, Dog Vivantek ezin du hau bermatu, eta izan ere, ez du bermatzen: (i) Plataforma eta hartan edo hura dagoen zerbitzarian birusak edota gainerako osagai kaltegarriak prebenitzeko hartzen diren segurtasun-neurriak erasoezinak izatea, eta birusik edo osagai kaltegarririk ez egotea; (ii) edozein pertsonak Anfitrioiari edo hirugarren bati kalterik edo galerarik eragitea, Dog Vivantek Plataforma erabiltzeko ezarritako baldintzak ez betetzean edo Plataformako segurtasun-sistemak urratzean; eta (iii) Plataforma, Zerbitzuak eta Edukiak guztiz fidagarriak, eskuragarriak eta jarraituak izatea.

Del mismo modo, Dog Vivant no se hace responsable:

  1. Anfitrioiak, bere erabiltzaile-izenarekin eta pasahitzarekin, Zerbitzuak eta Edukiak erabiltzeko moduagatik, baldin eta erabilera horrek jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideei buruzko Estatuko edo nazioarteko arauren bat, hirugarrenen edozein eskubide edo Dog Vivantek ezarritako erabilera-baldintzak urratzen baditu;
  2. Eguneratu gabeko software-bertsioak erabiltzeak eragin ditzakeen segurtasun-akatsengatik, edo erabiltzailearen gailuaren funtzionamendu okerrak izan ditzakeen ondorioengatik, funtzionamendu oker hori Dog Vivanti ez dagokion arrazoiren baten ondorio bada (konfigurazio ezegokia, birus informatikoak...);
  3. Anfitrioiak Plataforman ostatatu, biltegiratu, haren bidez hedatu, edo Dog Vivanti edo beste anfitrioi edota erabiltzaile batzuei Plataformaren beraren edo hartan dauden komunikazio-kanalen bidez bidaltzen dizkien edukiengatik.

Halaber, Dog Vivantek ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuan etenaldirik, atzerapenik, akatsik edo Plataformaren eta Zerbitzuen funtzionamendu okerrik gertatuz gero, eta oro har, Dog Vivantek kontrolatu ezin dituen kausen ondoriozko edozein eragozpenik izanez gero (adibidez, Dog Vivantekin zerikusirik ez duten hirugarrenen jarduerek edo zerbitzuek eragindako eragozpenak, beste erabiltzaile batzuen edo hirugarrenen engainuzko edo erruzko jarduerek ––hackerrek, crackerrek edo beste hirugarren batzuek sistema informatikoaren segurtasunari edo osotasunari egindako erasoek– eragindakoak, edo ezinbesteko kausek eragindakoak). Gainera, beretzat gordetzen du Plataformaren eta Zerbitzuen sarbidea edozein unetan eta aldez aurretik abisatu gabe bertan behera uzteko, murrizteko edota eteteko eskubidea, arrazoi teknikoak, segurtasuna, kontrola, mantentze-lanak, hornidura elektrikoko akatsak edo oinarritutako beste kausa bat direla eta. Dog Vivanti ezin zaio inondik inora erantzukizunik eskatu, Zerbitzuetan jarraitutasun- edo erabilgarritasun-ezagatik.

III.- MISZELANEA:

Dog Vivanten ukigabetasuna.- Anfitrioiak Dog Vivanti, hartako zuzendariei, langileei, afiliatuei, agenteei eta harekin lotutako pertsona orori kalte-ordaina emateko eta haiek kaltegabe mantentzeko betebeharra du, edozein erreklamazioren, erantzukizunen, kalteren, galeraren eta gasturen aurrean, edo arrazoizko edo arrazoirik gabeko beste kontzepturen batengatik, Anfitrioiak Akordioan ezarritako urratzearen ondorio badira.

Pribatutasun eta Cookie Politika.- Anfitrioiak adierazten du badakiela Dog Vivanti ematen dizkion datu pertsonalak webgune honetako Pribatutasun eta Cookie Politikaren arabera tratatuko direla. Halaber, baimena ematen dio Dog Vivanti bere Anfitrioi-profilaren jarduera-mailari buruzko informazioa erabiltzeko, betiere, txosten eta estatistika agregatu eta anonimoak egiteko. Dog Vivantek ez die Anfitrioiaren datuak hirugarrenei emango, eta ez ditu salduko.

Lagapena.- Dog Vivantek Akordio honetan aurreikusitako eskubide eta betebeharrak osorik edo partzialki laga edo transmiti ditzake, baita Akordioan duen kontratu-posizioa ere, libreki eta edozein unetan. Hala ere, lagapenaren onuradunak Dog Vivanten eskubideen eta betebeharren subrogazioa hartuko du bere gain, eta horren arabera, Dog Vivanten kontura dauden zerbitzuak eta prestazioak behar bezala eman beharko dizkio Anfitrioiari. Anfitrioiak ere Kontratuan duen posizioa edo bere eskubide eta betebeharrak laga edo transmiti ditzake, baina Dog Vivanten aurretiazko eta idatzizko baimenarekin.

Akordioaren aldaketa.- Dog Vivantek beretzat gordetzen du Akordio honetan aurreikusitako zehaztapenak eta baldintzak aldatzeko edozein unetan eta aldez aurretik jakinarazi gabe. Zehaztapen eta baldintza horiek webgunean egongo dira une oro eskuragarri. Dena den, aldaketa horiek ez dute Anfitrioia lotetsiko, baldin eta legeetan egindako eta derrigorrez bete beharreko aldaketen edo berritasunen ondorio ez badira, edo berariazko baimena ematen ez badu, legez beharrezkoa denean. Gainerako kasu guztietan, Anfitrioia jatorrizko Akordioaren (Anfitrioi gisa izena ematean edo DV Ziurtagiria berritzean indarrean eta webgunean dagoena) zehaztapen eta baldintzen mende soilik egongo da.

Konfidentzialtasuna.- Anfitrioiak berariazko konpromisoa hartzen du Dog Vivanti edo Plataformari buruzko isilpeko informazioa ez zabaltzeko, transmititzeko edo hirugarren pertsonei emateko, bai kontratua indarrean dagoen bitartean, bai iraungi eta gero. Honako hauek hartzen dira isilpeko informaziotzat (“Isilpeko Informazioa”): (i) pasahitzak; (ii) iragarkiak (baita sormenezko helburuak eta materialak ere), argitaratu baino lehen; (iii) aldeen arteko Akordioaren baldintzak; (iv) Dog Vivantek Anfitrioiari Plataformari edo teknologiaren sarbideari buruz emandako informazioa (ematerakoan eta idatziz isilpekotzat edota jabetzakotzat identifikatua), jendeari haren berri eman aurretik; eta (v) jendearen eskura ez dauden Plataformaren ezaugarriak. Publikoki ezaguna den informazioa (baldin eta aldeetako baten urratzearen ondorioz ez bada zabaldu) ez da isilpekotzat hartuko, ezta honako hau ere: (a) independenteki garatutakoa, beste aldearen Isilpeko Informazioaren berri jakin gabe; (b) hirugarren batengandik legez jasotakoa; eta (c) Legeak, errekerimendu judizial batek edo eskumeneko agintariek eskatuta ezagutzera eman beharrekoa. Gainera, debekatuta dago Anfitrioiak Dog Vivanti buruz lortzen duen informazioa, antolaketako prozedurak eta sistemak, programa informatikoak eta barne-informazioa edozein euskarritan erreproduzitzea. Konpromiso hori haustea Kontratu hau iraungitzeko kausa justifikatutzat hartuko da, sortutako kalte-galerak erreklamatzeko eskubidea alde batera utzi gabe.

Onarpen-eskubidea.- Dog Vivanten iritziz establezimendu bat, egiten edo sustatzen dituen jarduerengatik, ez badator Dog Vivanten espiritu eta filosofiarekin bat, edo ez baditu Anfitrioi izateko baldintzak betetzen, establezimendu horri DV Ziurtagiria ez ematea eta Plataforman ez onartzea erabaki dezake. Dog Vivantek erabaki hori hartzen badu eta establezimenduak ordurako bere tipologiari dagokion tarifa ordaindu badu, ordaindutako zenbatekoa itzuliko dio Dog Vivantek.

Akordioa haustea.- Anfitrioiak Akordio honetan hitzartutako baldintzak bete ezean, Dog Vivantek Akordioa berehala bertan behera utzi eta Anfitrioiaren profila baliogabetu ahal izango du. Kasu horretan, Anfitrioiak ezin izango dio lehendik ordaindutako zenbatekorik eskatu Dog Vivanti, eta Dog Vivantek, bere aldetik, kalte-galerak ordaintzeko eskatu ahal izango dio Anfitrioiari, urratze horrek zuzenean edo zeharka halakorik eragiten badio. Salbuespen gisa, urratze-mota kontuan hartuta eta berak bakarrik erabakita, Dog Vivantek aldi baterako baliogabetu dezake Anfitrioiaren profila, eta zuzenean edo beste anfitrioi edota erabiltzaile batzuen bidez ezagututako urratzea konpontzeko epe bat eman.

Aplika daitekeen legeria eta eskumena.- Akordio hau Espainiako legeriaren mende dago. Orobat, aldeek uko egiten diote egokitu dakiekeen beste eskumeni, eta Akordioaren harpidetzaren, baliozkotasunaren, interpretazioaren edo amaieraren inguruan disputarik badago, Bilboko (Espainia) auzitegien mende jarriko dira.